Ahaztutako egun batean zure berri izan nuen lehenengo aldiz. Amak, bere haurtzaroko beldurretan entzuten zuen oihu ikaragarriaren berri eman zidan: "Amama, sirenie!",oihukatzen zuen ikaraz beste neskato batek.
Bonbardaketak ziren egunero, eta beti beldur zen, bere bizitzan entzungo zuen azken esaldia ote zen.
Eta horrela, ia konturatu gabe, zu maitatzen ikasi zuen.
Aitak zekizkien hitzen zerrenda ahoskatzea gustuko zuen:
Gosea
Egun on
Laguna
Jan
Etorri ona…
Bere aitonak ba omen zekien, amonak ere bai, baina bata Otxagikoa izanik eta bestea Urduliztarra, ezin zuten elkar ulertu.
Eskolako liburu batean, oso hizki txikian, istorio zinez bitxia irakurri nuen behin:
Hilzorian zegoen erdaldun bati, txikitan euskaraz ikasitako kanta bat ateratzen zitzaion, konturatu gabe.
Baina orduan, oraindik, ez zeunden neure inguruan. Zerbait urrunekoa zinen. Mendiko, herri txikietako, zenbait topaketatako kontua.
Eta behin, gertatu egin zen.
Koxkortzen ari nintzen garaian, Santurtziko poeta bat hil zen, tiroz.
Goardia Zibilak, hileta elizkizunak amaitu ostean, haren omenez bildutakoak banatu zituen kolpeka.
Hurrengo egunean, nire maisu zahar baten negarrak ikusi nituen, eta Santurtziko paretetan oihukatzen hasi zinen: "Herriak ez du barkatuko". Behin, ehun bider, mila aldiz, milaka bider. Garai horretan hasi zinen nire barruan hazten, abesti eginda. Nire herriko udal liburutegian aurkitu zintudan, antzinako hiztegi batean: "Diccionario general del vascuence", eta hortik atera nuen antzerki taldearen izenburua: "Ira-garriak" (digno de causar admiración).
Eta agertu ziren Urko, Knork, Xeberri, Mendibil, Lertxundi, Laboa eta, batez ere, OSKORRI: "Baina gaztea naiz eta daukat / etorkizuna eskuan / ez zaigu hilgo Euskal Herria / Ni bizi naizen artean".
Urkok lehenengo ikasgaia eman zidan: "Ni naiz / hi haiz / zu zara / gu gara
/ zuek zarete / gu gara /haiek dira / hau da gure lehenengo ikasgaia". Urko berak ia sinestarazi egin zidan gezur ederra: "Galdetu nion /neure buruari / Nor nintzen ni / nor nintzen ni/ Arrotz hizkuntz batean / Hitzegiten beti / Jakin gabe / Nor nintzen ni".
Zu zinen, argi eta garbi, "arrotz hizkuntza", eta ez nik erabiltzen nuena, gaztelania. Baina batek daki zergatik, zu nire benetako hizkuntza zinela esatea gustukoa nuen.
Euskara maite nuen eta rock’n’rolla ere bai. Garai hartan gutxitan ikusten zuten elkar. Itoiz, Indar Trabes, Errobi, Niko Etxart eta Jeikirekin ate berriak ireki ziren. Baina ni santurtziarra nintzen, eta futbolin aretoetan entzuten ziren taldeak beste batzuk ziren: Slade, The Sweet, Storm, Gari Glitter, Rolling Stones, Doctor Feelgood…
Rockaren zaldian trostan, zure lurraldean sartu nintzen: Gu –lagunak eta ni- lehendabiziko rock hiritarraren bozeramaleak izan ginen. Autotxokeak eta kaikua, baserria eta dezibelioak, frontoia eta diskoteka: nahasketa ikaragarria.
Urteak joan urteak etorri, jairik jai, txoznaz txozna, hazi egin zinen niregan, eta konturatu orduko, zazpi disko grabatu nituen euskaraz.
Nolatan euskaraz, ezkerraldekoa izanik?
Behin eta berriz, betiko galdera.
"Bada, begira, ezkerraldean jende askok maite du euskara, ez al zenekien?
Nolatan euskaraz, ezkerraldekoa izanik?
"Ba, beno,talde sortu genuen garaian euskararen aldeko jarrera irekia zegoelako eta…"
Nolatan euskeraz, ezkerraldekoa izanik?
Ba, ez da horren bitxia ez?, ez gara kantabroak…edo agian horrela ikusten gaituzu?
Nolatan euskaraz, ezkerraldekoa izanik?
Ba, horrexegatik hain zuzen ere, Euskal Herrikoak garelako.
Nolatan euskaraz ezkerraldekoa izanik?
Sudur puntan jarri zitzaidalako.
Nolatan euskaraz ezkerraldekoa izanik?
Zoaz pikutara!
Amodioa bai, baina maitasun istorio askotan bezala, gorrotoa ere bai: Arratian, Zuberoan, eta hainbat lekutan, bertakoekin hitz egiterakoan, neure burua erabat ortopedikoa somatu izan dudanean, gorrotatu egin zaitut…. Baita nire barruko sentipenak azaldu ezinean ibili naizean, edo zure erraietan galdu izan naizenean ere.
Horrenbestetan entzun dudan lelo hori, "euskara bihotzean, gaztelania
mingainean", nik egia bihurtu dut askotan, eta gehien izorratzen nauena da aipatzen zaitudanean ia beti zutaz mintzatzeko izaten dela. Horrexegatik, amodio/gorrotozko gutun hau bukatzeko, Andolinen honako lerro hauek aukeratu ditut, ezin egokiagoak:
Hitzak ditut adreilu bakarrak,
labur eta luzeak,
bihotz handiko eta meharrak,
neure abaroa eraikitzeko beti ere eskura dauzkadan
tresna bakarrak:
Bilbon edo Hamburg-en,
Gasteizen edo Iruñean,
goizaldeko hiruretan itzartzen naizenean
ohean edo
hutsesten zaitudan guztietan.
Trenez eta automobilez,
neguminez eta udabetean,
iparraizea datorrenean
hotzez,
edo hegoaizeak
beroz
zoratzen didanean gorputza.
Hitzak ditut adreilu bakarrak.
Horma sendoak egiteko
harritzarrak bezalakoak baitira,
lurrikaretan eta haizezurrunbiloetan,
gorrotoaren denboran eta
barre eta amodioa egitearenean,
betiereko azken agurreraraino
zure besoen faltan
estalpe xume eta amoltsua
eskaintzen didaten bakarrak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario