Duela aste batzuk,
Facebooken Johnny Cashi (1932-2008) eskainitako orriaren arduradunek kantaria
hitz batekin definitzeko eskaera egin zuten. Hogeita zortzi milatik gora
erantzun jaso zituzten, eta horien artean denetarik zegoen: aurreikus zitezkeen
erantzun tipikoak (ikono, legenda, Jainko, bakan, hilezkor, heroi, beltz, edo
nola ez, abizenaren esanahiaz baliatuz, diru), eta zehatzagoak edo
harrigarriagoak (potroak, hazi-ereile, hezikaitz, sumendi, min, iraultzaile…).
Aldiz, edozein artistak beretzat nahiko lukeen dohaina nabarmentzen zuten hainbat erantzunetan: benetakoa.
Johnny Cashek horietako bat zirudien, bizitzak bidean jarritako gorabehera,
kontraesan eta oztopoen gainetik aurrera egiten eta bere bere buruarekin
koherente izaten asmatu zuen pertsona. Cash
autobiografiaren gaztelaniazko argitalpenaren hitzaurrean Ignacio Julià
kazetariak idatzi zuenez, “Johnny Cash bizirautearen ordezkari peto-petoa izan
zen, azken gaizkilea, legenda bizia, urteek ondutako gizabanakoaren
jakinduriaren aurrean gazteriaren jarrera hutsal eta konformista modu
lotsagabean saritu duen musikaren negozioan egotea egokitu zitzaion bere
garaiko gizon bat”.
Haurra zelarik elizan
gospel abestiak kantatzen hasi zen Cash, eta aldi berean etxean amak Carte
Familyren kantu herrikoiak irakasten zizkion. Geroago, Cash bera familia
horretako kide bihurtu zen. 50eko hamarkadan Memphisen finkatu eta lehen
grabazio arrakastatsuak egin zituen (Folsom
Prison Blues, I Walk the Line, Get Rhythm…) Sun Records diskoetxe
mitikoan, 60-70eko hamarkadetan country musikaren izar bilakatu zen, outlaw mugimendua osatuz Kris
Kristofferson, Waylon Jennings eta Willie Nelsonekin, besteak beste, baina 80ko
hamarkadan ahanzturaren txokoan galdu zen, harik eta 1994an Rick Rubin
ekoizleak American Recordings diskoa
grabatzea proposatu zion arte. Haren arrakastaren ondoren, beste sei disko
grabatu zituen, heriotza heldu arte lan eginez. Sail bikain horrek Cashen
musika ibilbidea berpizteaz gain, entzule gazteengana hurbildu zuen, country
musikarekin zerikusirik ez zutenengana. Hain zuzen, kantu propioez gain, Nick
Cave, Bonnie Prince Billy, Bob Marley, Neil Young, Glen Danzig edota U2ren
kantuen moldaketak ere jaso zituen sail horretan. Hainbat belaunaldi eta
estilotako musikariak Cashen ibilbidea aldarrikatzen hasi ziren.
Johnny Cash hil zenetik
zortzi urte igaro ostean, Euskal Herrian kantari estatubatuarrari egin zaion
lehen omenezko diskoa duzu esku artean. Hogei talde batu egin dira beltzezko gizonaren kantuak gogora
ekartzeko –“txiroak eta zapalduak, hiriaren alderdi goseti eta itxaropenik
gabekoan bizi direnak omentzeko” erabaki zuen beti arropa beltza janztea-. Kantu
horietako asko ez dira Cashek sortutakoak, baina dagoeneko jendeak harekin
lotzen ditu ezinbestean, baita azken bi
hamarkadetako pop edo rock kantu ezagunak direnean ere: Personal Jesus (Depeche Mode), Hung my Head (Sting) edo Hurt (Nine Inch Nails).
Cashen nortasun itzelak,
ahots sakon eta hunkigarri horrek, dena bereganatzeko ahalmena baitzuen.
Tributo
a Johnny Cash
diskoak Cashen kantu ezagunenetako asko jasotzen ditu, lehen urteetan
grabatutako arrakastak (Folsom Prison
Blues, I Walk the Line, Ring of Fire, Cocaine Blues, Get Rhythm
edo Jackson) zein American Recordings saileko klasiko
berriak (Delia’s Gone, When the Man Comes Around…), ahantzi
gabe Bob Dylan (It Ain’t me Babe),
Jimmy Webb (Highwayman) eta lehen aipatutako
kantuen bertsioak. Taldeen artean ere aniztasuna dago: punk-rock taldeak (Vómito,
Hysteria, Carniceros del Norte, Porco Bravo edo Morfi Grei, La Banda Trapera
del Río-ko kide ohia), glam-ekoak (Diaboli Kash), metal-ekoak (Elenco,
Ratzinger, Arbian), hardcore-koak (Zartako), rock sureño-koak (Hash), blues-ekoak
(Last Fair Deal, Petti, Travelling Brothers) edota rock&roll-ekoak (Los
Rotos). Aipamen berezia merezi du Gure kasuan Zaramak ez du bertsiorik egin,
baizik eta Cashen omenezko kantu bat sortu dugu, Jon & Johnny Cash, zeinean txistua, countrya eta aurreskua
batzen saiatu garen.
4 comentarios:
Mola. Aunque por momentos caminéis un poco por la cuerda floja. Es broma, je, je. Barkatu, pero es que venía a huevo con lo de la famosa canción. Grande Mr.Cash, grande.
Bueno Fer, siempre no se puede andar sobre tensas estachas...y también hay que saber terminar la función. Te esperamos el 17 en el gaztetxe de Zorrotza!
Ondia el tio Txuzos, cagonmimuelas!!,no me digas que ha estado por aquí de visita y no habeis avisado.
El batería venia de la playa? jajaja
Publicar un comentario